Subject: RE: Re: euskal grafia



'Euskal grafiaz' eta 'euskal grafiaz idatzi beharraz' izenburupean hainbat
ohar eta iritzi interesgarri agertu dira Itzulist-en. Elhuyarren arretaz
irakurri ditugu. 1990ean 'Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa' lanari ekin
geniolarik, aurre egin behar izan genion arazo horri ere (Onomastika osoa
-bai endonomastika eta bai exonomastika- zen arazo orduan). Geroztik,
euskarak aurrera egin du eta, gaur egun, zorionez, arazoa esparru
txikiagokoa da. Izan ere, 'euskal grafia bai ala ez' galdera orokorra ez da
gaia, 'nongo eta noizko izena euskal grafiaz bai ala ez' da zehaztu
beharrekoa.
Gure hartan (duela 10 urteko kontuak askoz antzinagokoak direla iruditzen
zaigu orain), alfabeto latinoa erabiltzen zuten hizkuntzetako
pertsona-izenei dagokiela (alfabeto latinoa ez dutenena aparte landu
beharrekoa baita), lehen erabakigaia jatorrizko grafiari eustea ala grafia
etxekotzea zen: hor, gure inguruko erdarek eta ingelesak nola jokatzen duten
aztertuta, kasuistika definitzea eta ondorioak ateratzea ez da oso zaila,
beti ere izen historikoak eta gaur egungo izenak esparru desberdinak direla
kontuan hartuz gero. Hori dena esanda, eta gaur egungo kanpoko
pertsona-izenen jatorrizko grafia (aita santu eta errege-erregin batzuenak
alde batera utzita) bere horretan idaztekoa dela onarturik, zeinu
diakritikoen zer egin izan zen hurrengo erabakigaia.
Hor ere, arazoaren irtenbidea aurkituko bagenuen, arazoa mugatzen eta
sailkatzen saiatu behar genuen. Eta alfabeto latinoa erabiltzen duten
hizkuntzetako zeinu diakritikoei dagokienez, aldeko eta kontrako argudioak
kontuan harturik (Ikus 'Munduko Pertsona-izenak' liburua), honela jokatzea
erabaki genuen:

-gure bi auzo-erdaretako zeinu diakritikoak (´ / `/ ^ / ¨ / ç )
sistematikoki errespetatzea (Felipe González Márquez / Molière).

-gainerakoak ez errespetatzea (Oersted, eta ez Ørsted; Helmut Kohl, eta ez
Helmut Köhl; Lech Walesa, eta ez Lech Wa?esa).

Azken batean, hor ere diakritikoak bai/ez eztabaida orokorra baino hobe da
diakritikoak noiz eta non bai eta noiz eta non ez. Entziklopedia batean,
zenbat eta handiagoa izan eta informazio gehiago eman, hainbat onargarriagoa
da diakritiko guztiak ematea. Baina egunkari batean edo nobela baten
itzulpenean, adibidez, erdibidea izan daiteke egokia (horixe hobetsi genuen
guk Elhuyar Hiztegi Entziklopedikorako, norentzat zen kontuan harturik).

Beste arazo bat, aurrekoarekin batera Itzulisten agertu dena, euskal
abizenen edo, beste era batera ikusita, Euskal Herriko pertsona-izenen
grafiarena izan da. Horri ere heldu behar izan genion duela hamar urte eta,
arazoa txikiagoa izanagatik, korapilo gehiago dituela esan behar da, gurea
edo gureagoa baita. Gurekin bateratsu, Euskaldunon Egunkariak ere heldu
behar izan zion gaiari, eta haien erabakiak kontuan hartzen saiatu ginen.
Oro har, euskal grafia normalizatua erabiltzea hobetsi genuen, eta eutsi
egin diogu geroztik, euskaldunon euskaldun nahia kontuan hartu beharrekoa
dela iruditzen zaigulako. Oro har, irizpide horrekin gehienok bat gatozela
pentsa daiteke. Kontua da irizpide orokor hori aplikatzen hasita agertzen
diren arazoen aurrean nola joka.

-Batetik, Euskal Herrikoak ez diren baina euskal abizena duten pertsonak
daude. Luis Echeverría Mexikoko lehendakari izandakoaren izena bere horretan
utzi beharko da, eta ez Etxeberria idatzi. Hain urrutira jo gabe, mugako
arazoak dira Euskal Herrian jaio baina kanpoan bizi izan direnak. Hor
zalantza egon daiteke. Guk, adibidez, Gabriel Celaya horrelaxe idatzi
genuen, izengoitia baitzen: jatorrizko izena Rafael Mujika Zelaia baitzuen
(Mujika ala Muxika? Entziklopedia egin genuenean, Euskaltzaindiaren
erabakirik ez zegoen).

-Bestetik, bizirik daudenen eta hildakoen arteko banaketa dago. 'Etxepare'
idazlearen edo 'Karmelo Etxegarai' idazlearen izena 'tx'-z jartzen dugu
arazorik gabe, haiek 'tx' hori erabili ez bazuten ere. Baina zer egin
bizirik daudenekin? Zer egin Ramon Jauregi politikariarekin? (berak Jauregui
erabiltzen du) Zer egin Jean Haritxelhar euskaltzainburuarekin? (Jean
Haritschelhar erabiltzen du berak) Guk euskal grafiaz ematea erabaki genuen,
Egunkariak bezala. Hala ere, garbi dago hor arazoa dagoela. Izan ere, Mirari
Alberdik egin galdera airean dago oraindik: NOR GARA GU BESTE INORI BERE
DEITURAREN IDAZKERA ALDATZEKO?

-Hirugarren kontua (arazoa) Euskaltzaindiak erabaki dituen grafietan dago.
Euskaltzaindiaren agiri bat badugu guk, duela hiru-lau bat urtekoa, eta,
hor, gaztelaniazko Múgica abizenak euskaraz Mujika behar duela diote.
Geroago, Muxika behar duela erabaki dute. Era horretako arazoak, egia esan,
ez ditugu aztertuta Elhuyarren, eta ez dugu irizpide argirik. Hori da
Itzulisten plazaratu den bigarren gaia. Guk, bistan da, mezu honekin ez dugu
ezer konpondu, baina arazoa zedarritzen eta esparru orokorrean sartzen
saiatu gara.

Aparte utzi dugu ponte-izenen arazoa (Joan/Joan; Juan San Martin
euskaltzainak garbi asko esan zigun bera Juan zela, Euskaltzaindiak Joan
erabaki arren. Eta Alfonso Irigoien zenak ere ez zuen onartzen Alfontso
grafia). Honek luzeegi jo du eta, hobe beste baterako uztea.

Alfontso
www.elhuyar.com






Privacy